Hiriburuan bada euskara ikasteko modurik: taldekako ikastaro pribatuen bitartez, edo unibertsitateko kurtso irekietan parte hartuta. Ingurugiro trankilean euskaraz solastu nahi dutenak elkartzeko, mintzalagun programa sendotu nahian ere ari da Berlingo Euskal Etxea.

Egungo eskaintzarekin, goizez ala gauez, neguan edo udan hartu litezke euskara eskolak Berlinen. Maila ezberdinetako taldeak daude, eta malgutasun osoa izan ohi da batean ala bestean ikasteko.

01 Euskal Etxea

Berlingo Euskal Etxeak antolatutako euskara eskolak online eskaintzen dira 2023/24 ikasturtean. Dagoeneko abian da ikasturtea, eta 2024ko ekaina amaiera arte iraungo du. Eskolak asteazkenetan dira: A1 maila arratsaldeko 18etan, eta A1.2 mailarenak 16:00etan. Irakaslea Maddalen Subijana da.

Eskatu informazioa

02 Freie Universität

Etxepare Euskal Institutuak irakurletza du Berlingo Unibertsitate Librean. A1 eta A2 mailako ikastaroak eskaini ohi dira bertan; edonorentzat irekiak dira. Horrez gain, euskal kulturari buruzko mintegiak ere badira programan. Freie Universität-earen egutegira moldatu ohi dira guztiak: udako seihilekoa apirilean hasi eta irailean amaitu ohi da, negukoa urritik martxora bitartekoa da. 2023/24 ikasturtean, lehenbiziko mailako ikastaroak astearte eguerdian (14-16) eta asteazken arratsaldean (16-18) dira. Maila aurreratuagoak astearte eguerdian (14-16), eta euskal kulturari buruzkoak asteazken bazkalostean (14-16). Egun, Roberto Dagnino da euskara irakurlea FUn.

Eskatu informazioa

03 Mintzalaguna

Euskal Etxeak juntadizoak antolatzen ditu euskaraz aritu nahi duen ororentzat. Hilabetean behin izan ohi dira, normalean Dudenstrasse 10ean, Kreuzberg auzoan. Bat egin nahi edo informazioa jaso nahi baduzu, idatzi mesedez, eta saiatuko gara laguntzen.

Eskatu informazioa