Punkaz eta technoaz harago

Berlin aspalditik da plaza estimatua atzerrira irteteko guraria DUTEN euskal musikarientzat. Hedatuenak ez diren estiloek ere badute tokirik.

H

arresia zutik zenean, bazen dagoeneko Kreuzbergen kontzertua emandako euskal talde eta bakarlaririk: Kortatu -1987an-, edota Hertzainak eta Ruper Ordorika -1988an- Mehringhofeko EX kolektiboaren jatetxe-tabernan izanak ziren, esaterako. Egun Clash den espazio horretantxe. Hiru hamarkada pasa dira E.H. Sukarrak hiriko rock areto mitikoenera -SO36, auzo berean- euskara eraman zuenetik. Negu Gorriak ere pasa zen bertatik, eta geroxeago TU unibertsitate teknikoan izan zen Tapia eta Leturiarekin. Euskal Herriko taldeek aspalditik asmatu izan dute Berlingo bidea topatzen, beraz. Baita klubetan diskoak ipintzen dituztenek ere. Euskal Etxeak, horrela, beste egiteko bat hartu izan du bere gain. Hirian hain integrazio naturala ez duten estilo eta proposamenei ere bere agertokia eskaintzea.

Zitty aldizkariaren arabera, egunero mila eta hiru mila kultur ekitaldi artean ospatzen dira Berlinen -pandemiaren bat tarteko ez bada, jakina-. Asko kontzertuak eta bestelariko musika emanaldiak dira. Kemena behar da agenda horretan tokia egiten saiatzeko. Euskal Etxearen kasuan, egoitzarik ez izateak aldiro lokal egokia bilatzearen beharra dakar. Batzuetan, instrumenturen bat edo ekipamendua alokatzea, gonbidatuei eskainiko zaizkien edabe eta jakiak lehenago erostea. Kultur elkarte ibiltariaren keriak dira.

Saria, ordea, ezin atsegingarriagoa da. Denbora luzea igaro ondoren, Ruper eta Gariren musikaz berriz Berlinen gozatu ahal izatea. Anari, Napoka Iria, Belako, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Zea Mays, La Basu edo Occhi di Farfalla, bakoitza hiriko agertoki ezberdin batean aurkeztea. Antzoki eta ostatu txiki bat batzuetan. Etxe okupatu bat besteetan.

Agertokia antzoki edo ostatu txiki bat izan ohi da batzuetan. Etxe okupatu bat besteetan.

Badira lanketa berezia eskatzen duten proiektuak ere. El Txef A aliasarekin, Berlingo diskoteka sonatuenetako askotan DJ moduan aritutakoa da Aitor Etxebarria: Tresor, Watergate, Ritter Butzke, Kater Blau edo Ipse, esaterako. Underground Resistance mitikoak alboan zituela, besteak beste. 'Markak' dokumentalari soinu-banda ipini zionean, guztiz bestelako ingurunean murgildu zen.

Lanaren fruitua sakramentu guztiekin -berak alboan irudikatu musikariak lagun zituela, Euskaldunan edo Sónarrean bezala- Berlinen aurkeztu ahal izateak poztasun berezia laga zuen Euskal Etxean. Prenzlauer Bergeko Musikbrauerei ikusgarrian egin zuen, artista batek barruak husteko toki benetan aproposa.

Iñaki Salvadorrentzat piano bila

Proiektu batzuk benetan korapilatzen badira ere, merezi du gauzatzearekin tematzeak. Izan ere, inoiz ez da jakiten une magikoa noiz iritsiko den. Mikel Laboa hil eta gutxira, bere errepertorioa oinarritzat zuen emanaldia prestatu zuen Iñaki Salvador pianistak. Adiskide min zuen Laboa, urtetan bere altzoan aritutakoa zen.

Berlinera Salvadorren omenaldi pertsonala ekartzeko, areto itxurosoa bilatu beharra zegoen, eta ezaugarri egokiak zituen piano bat. Aurrekontu murritzarekin eta egoitza propiorik gabe, egiteko ez hain samurra.

Ia amore ematear, ekitaldia Wedding auzoko Christophorin egitearen aukera aurkeztu zitzaion Euskal Etxeari. Piano taillera da egunez, kontzertu areto oso berezia gauez (hiriko bisitarientzat, benetan merezi du bertaratzeak). Salvadorrek agertokian zeuden piano ezberdinen artean ezkutaturik jo zituen lehenengo piezak, eta emanaldi zinez hunkigarria osatu, bertaratutakoek sekula ahazteko ez modukoa. Gau hura posible izan zedin bizitako buruhauste guztiak ordaindu ziren horrela.

Ez punka, ezta teknoa ere. Laboa, bere lagun minak pianoan omendu, Berlinen. Erraza ez, baina posible izan zen. Eta egundokoa.

Etxeko egongelan baino hobe

Berlinen, euskal musikaren beste sustatzaile nagusia Clash taberna da. Punk-rock estiloko dozenaka talde pasa dira bertatik, Stefan eta Robinek eskuzabaltasunez eraiki zubiari esker. Euskal Etxeari ere buruhauste andana konpondu izan diete Berlingo bi tabernari maitagarrienek. Eta ez tronpatu. Clash ez da toki bikaina noizean behingo euskal taldeen kontzertuengatik, Berlingo ostatu atseginenetakoa delako baizik (ez galdu astegunetako bazkariak). Zweites Wohnzimmer, bigarren egongela, alemanek taberna kutunari esaten dioten moduan. (Argazkia: Montecruz Foto)